domingo, 17 de febrero de 2013

Bertso afaria


Bertso afaria

Korrikako aurkezpenaren ostean eta Garesko gaiteroen babesean, kalez kale abiatu zen larunbat gauean Garelakok urtero ospatzen duen bertsogaita-poteoa. Julen Zelaieta eta Uxue Alberdi lagun, Gomazin elkarteko sotoan bukatu genuen ibilbidea afaldu eta bertsoez gozatzeko asmoz.          
            40 bat izan ginen aurtengoan mahaiaren inguruan eta menú infantila dastatzeko aukera izan genuen bertan. Giroa, jana, konpainia… paregabea, zer gehiago eskatu? Afaldu eta txiri-txiri ekin zioten bertsolariek larari, gogotsu, ingurukoek te gorria - horrela deitzen diote batzuek orain patxaranari - edaten genuen bitartean.
            Zaila egiten zait hitzekin adieraztea buruan ditudan bertso-hotsen doinu kantariak, are gehiago hauek jendearengan sortutako zirrara eta bestelako erreakzioak. Bertsolariek euskaltegiko ikasleek prestatutako hainbat gai plazaratu zituzten eta ez ziren faltatu feministen aldeko hitzak, elizaren ingurukoak edota ohe kontuak. Barre algarak, txalo beroak, irriak eta lotsak sortu zituzten Zelaietak eta Alberdik; baina emozioek gorena jo zuten bikotea eserlekutik altxatu, eta bazterrak nahasten hasi zirenean.
Afalosteak gaueko hiruretara eraman gintuen eta baten batek Kale Nagusiko afterrean bukatuko zuen zalantzan, idazten ari denak gozo gozo eta irria ahoan ohera joan zen oraindik buruan bertsoen oihartzuna zuela.

No hay comentarios:

Publicar un comentario