Bertso afaria
Korrikako
aurkezpenaren ostean eta Garesko gaiteroen babesean, kalez kale abiatu zen larunbat
gauean Garelakok urtero ospatzen duen bertsogaita-poteoa. Julen Zelaieta eta
Uxue Alberdi lagun, Gomazin elkarteko sotoan bukatu genuen ibilbidea afaldu eta
bertsoez gozatzeko asmoz.
40 bat izan ginen aurtengoan
mahaiaren inguruan eta menú infantila dastatzeko
aukera izan genuen bertan. Giroa, jana, konpainia… paregabea, zer gehiago
eskatu? Afaldu eta txiri-txiri ekin zioten bertsolariek larari, gogotsu,
ingurukoek te gorria - horrela
deitzen diote batzuek orain patxaranari - edaten genuen bitartean.
Zaila egiten zait hitzekin
adieraztea buruan ditudan bertso-hotsen doinu kantariak, are gehiago hauek
jendearengan sortutako zirrara eta bestelako erreakzioak. Bertsolariek
euskaltegiko ikasleek prestatutako hainbat gai plazaratu zituzten eta ez ziren
faltatu feministen aldeko hitzak, elizaren ingurukoak edota ohe kontuak. Barre
algarak, txalo beroak, irriak eta lotsak sortu zituzten Zelaietak eta Alberdik;
baina emozioek gorena jo zuten bikotea eserlekutik altxatu, eta bazterrak
nahasten hasi zirenean.
Afalosteak
gaueko hiruretara eraman gintuen eta baten batek Kale Nagusiko afterrean
bukatuko zuen zalantzan, idazten ari denak gozo gozo eta irria ahoan ohera joan
zen oraindik buruan bertsoen oihartzuna zuela.